XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Komunichtak eta ontasunak

ARRANGURAK

Komunichtek ez balute arrazoin onik, ez lukete bazterretan hoinbertze arrakasta.

Zertaz pleini dira bada?

Mundu huntako ontasunak gaizki partituak dira: jende batzuek zer nahi diru eta gauza izaki bertzek deus ere kasik.

Praube zonbaitek, hala da, bere falta dute, ez badute esku-gainik. Irabaz-arau oro iretsia dute: tan gagnat, tan chiflat, dio kaskoinak. Hein batean merechi dute beren ezeria. Bainan zonbat eta zonbat, merezi ez duten miseriarekin daudenak!

Zerbait-dun zonbaitek lanaren bortchaz irabazi dute beren ontasun pochia. Bainan ezin uka bertze hainitzek deus izerdirik gabe, bertzeen lanetik, bertzeen biskar muntatu dutela beren fortuna. Ohoinak bertzalde.

Munduan nork dituzte egitekoak kudeatzen? Nork legeak egiten? Aberatsek: eta lege gehienak beren onetan egiten dituzte, beharduna azpitik atchiki eta haren lanaz merke baliatu nahiz.

Nausi handi zonbaitek ez dute lana egin-araztea ez eta lan egina saltzerat emaiten jendeen beharraren arabera, bainan berek egiten ahalko duten sos gehienaren arabera. Hola gertha ditake eta gerthatzen ere da, gauza ausarki izana gatik, jendea gose eta buluz izaitea!

Zuzen dea mundu guzia lanean ar dadin bakhar zonbaiten moltsarentzat? Gizonaren lanak ez lukeia lehenik segurtatu behar gizonaren ontsa-izana?

KOMUNICHTEN ERREMEDIOAK

Guk ere onhartzen ditugu arrangura horiek, eta aspaldichkoan eginak ditu Eliza Ama Sainduak, bai predikari handienen ahoz, bai Aita Sainduen lumaz.

Bainan gure erremedioak eta komunichtenak ez dira hurbiltzekorik ere berdinak.

Huna komunichten abisua.

Lurreko ontasunak denentzat direnaz geroz, gizon edo jende bakotchak bere behar egiazkoen arabera behar ditu gozatu, bainan bere lanaz irabaziz.

Aita-amen abisurik ez da onhartu behar: burhasoak bethi estimu gaitza dute beren haurrez eta zer nahitako kapable dauzkate, biziki gauza guti izanik ere. Mediku batek ez du sekulan onetsiko semea karrika-garbitzale ezar dezoten. Beraz ez sekulan galda burhasoen abisurik.

Gobernua izanen da jende guzien nagusi eta lan emaile.

Bainan egungo egunean erresuma bakhar batek ere ez du berenaz deus onik egiten ahal.

Erresuma batek eskas duenak bertze batek soberakin. Ontsalaz erresuma guziak beharko dira bakhar batean urthu, eta horra zergatik ez den batere on Frantsesek beren frantses urgulua atchik dezaten, ez eta bertze arrotzek era beren herritar urgulua. Denek ahantz dezatela beren odola, utz armak eta armadak eta bakean bizi gobernu bakhar baten meneko.

Holako chederi lotzeko ez du nehork sobera bihotz behar eta hein batean on du etsimendu pochi bat. Erlisioneak bertze mundu baten esperantza emanez, hiltzen du baitezpadako etsimendu hori, eta horra zertako behar den erlizionea kendu. Zerua hil-ondoan ukan ustez, gizonak ez dira entseatzen ere mundu huntan dohatsu izaiterat. Balekibale bizi dira, herrestan, eta horra zertako hain gaizki doatzin oro, bethi eta denetan.

Aithor dute komunichtek beren chedeak ez dituztela gaurtik biharrera obratuko, bainan zonbait menderen buruan zerbait ederrik izanen omen da iguzki-pean oraiko sakrifizioeri esker.

ERREMEDIO ERHOAK

Komunichten ideiek iduri dute zentzu handiko chedeak; bainan urbil danik behatuz, izigarri lanjerosak dira.

Hasteko, ez dute gizonaren errespeturik batere: eria, chaharra, familia deus ez zaiote; lanari buruz baizik ez dute jendea estimatzen: guk uste dugu lana egina dela gizonaren onetan, eta ez gizona lanaren onetan.

Bertzalde nagusi gaichto batzuen uztarria ez nahiz, gaude ez othe daukuten uztarri izigarriago bat emanen: gobernuarena!